Erabakitzeko eskubidea. Parte hartzaileak

Eduardo Apodaka

Eduardo Apodaka (Bilbo, 1965). Filosofian lizentziaduna eta Soziologian doktorea da, biak Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakaslea da. Bere ikergai nagusiak hauek dira: identitatea, psikologizazioa, indibidualizazioa, botere-harremanak, agintearen legitimazioa... Hainbat argitalpen ditu aldizkari eta liburu kolektibotan; eta, besteak beste, hiru liburu hauek argitaratu ditu: Komunikazioaren gizarte psikologia (UEU, 2004), Norberaren autonomia krisian (Pamiela 2012, Juan Zelaia Saria 2011) eta Identitatea eta anomalía (Pamiela, 2015).

Igor Calzada

Igor Calzada (Donostia, 1975). Euskal akademikoa, irakasle eta ikerlaria da Oxfordeko Unibertsitatean (UK), Helsinki, Glasgow, Brusela, Reno, Arrasate eta Deustua ahaztu barik. Bere ikerketak bi kontzeptu nagusiren inguruan biratu ohi du: City-Regions eta Smart Cities. Idatzitako artikulu eta liburuak asko eta asko dira, zeintzuetatik nabarmendu behar dira azkeneko liburua: Postindependentzia (Translokal, 2014). Translokal argitaletxeko editorea ere bada.

Joseba Gabilondo

Joseba Gabilondo (Urretxu, 1963), Euskal filologian lizentziaduna (EHU) eta literatura konparatuan doktorea (Kaliforniako Unibertsitatea), idazle, irakasle (Michiganeko Unibertsitatea) eta literatura kritikaria da. Artikulu mordoa idatzi du euskal eta espainiar nazionalismoen inguruan, baita postnazionalismoa, globalizazioa, feminismoa edo queer teoriaren inguruan, besteak beste. Zenbait liburu argitaratu ditu: Before Babel (Barbaroak, 2016), New York Martutene (EHU, 2013), eta  Globalizazioak eta Erdi Aro berria (2015) beste askoren artean.

Imanol Galfarsoro

Imanol Galfarsoro (Aretxabaleta, 1960). Bere ikasketak eta irakaskuntza-lanak Frantzian (Bordeaux), Liverpool, London eta Renon burutu ondoren, egun Leedseko Unibertsitatean (UK) ari da irakasle Soziologia sailean. Bere ikergaiak, besteak beste, kultur identitatea, borroka-harreman politikoak eta partikular/unibertsal harremanak dira. Bere liburuen artean topa ditzakegu Kultura eta identitate erbesteratuak (Pamiela, 2005), Subordinazioaren kontra (Pamiela,2008) eta Independentzia helburu (Txalaparta, 2015).

Zelai Nikolas

Zelai Nikolas (Bilbo, 1968). Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan da Zuzenbide Zibileko Sailean. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako legelaria da. EHUko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Sailarekin lankidetzan jarduten du, bereziki honako ikerketa lerroetan: konstituzio eta administrazio zuzenbidea, demokratizazio prozesuak, erabakitzeko eskubidea eta euskal lurraldetasuna. Gure Esku Dago erakundearen bozeramailea da Angel Oiarbiderekin batera, eta erabakiaren kulturaren zabalkundean parte hartzen du herritar gisa.

Jakue Pascual

Jakue Pascual (Donostia 1961) Soziologian lizentziaduna (Deusto) eta Zientzia Politikoetan doktorea da (EHU). Mugimendu antimilitarista, ekologista eta libertarioetan aritua, zenbait komunikabidetan parte hartu izan du. Bere liburuen artean: Mark Legassekin batera Anarkherria (1986) plazaratu zuen aspaldi, berriki berrargitaratua (Txalaparta, 2011), Alberto Peñalvarekin batera El juguete de Mari (Virus, 1999) eta Movimiento de resistencia (Txalaparta, 2015).

Mario Zubiaga

Mario Zubiaga (Tolosa, 1963). Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia politikoetan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea da, eta ‘Euskal Nazionalismoa XXI. mendean’ masterreko zuzendaritza taldekidea. Hainbat argitalpen ditu, eta bere ikerketa lerro nagusiak honako hauek dira: prozesu demokratizatzaileak, herritarren parte hartzea, gizarte mugimenduak, estatugintza eta naziogintza, erabakitzeko eskubidea eta euskal lurraldetasuna. Gure Esku Dago erakundearen kidea da herritar gisa.

SORZAIN ARGITARAPENAK. Algortako Etorbidea 69 3 kanpo esk 48993 GETXO +34 661 035 374
sorzain@sorzain.eus