Liburuak
Gure argitarapenak

Erabakitzeko eskubidea, botere eragilea, burujabetza

Globalizazioaren garaia bizi dugu; hots, globoa geroz eta berdinagoa da, homogeneoagoa; lehenago zatikatzen zuten mugak desagertuz doaz gutxika eta bereizketa oro folklorismo zaharkitu eta antzua bilakatu omen da; ez omen dago bereizteko edo bide ezberdina hartzeko arrazoi nahikorik. Zertarako? Zergatik?  Haatik, autonomia handiagoa eta bereizteko eskubidea aldarrikatzen duten ahotsak  agertzen ari dira aspaldi, indar handiz gainera. Patua askatasun osoz hautatzeko eskubidea, politika egiteko edo antolatzeko modu berriak eta demokraziaren berdefinizioa daude mahai gainean, besteak beste; mapak tolestu eta zirriborratzeko premia.  Quebec, Eskozia, Katalunia, Euskal Herria…, geroz eta gehiago dira estatu propioa aldarrikatzen duten herri, lurralde edo nazioak, estatu-nazioa gainbeheran dagoen garai honetan. Zalantzak eta galderak, noski, asko eta asko dira, gureari dagokionez bederen; aburuak ere, buruak beste. Gauzak horrela, bilduma honen lehendabiziko alean, gaian adituak diren zenbait lagunek hartu dute parte, ikuspegi ezberdinetatik, baina beti ere erabakitzeko eskubidea, botere eragilea eta burujabetza ideien inguruan biraka. Sekulan ez egia santu bakar bat eskaintzeko asmoz, pil-pilean dagoen gaiaren inguruan hausnarketa ahalbidetzeko baizik.  Hori duzu azken batean, irakurle, bilduma eta liburu honen xedea: hausnarketa.

Parte hartzaileak

Pott Banda. Ekilibrista Bihotza (1977-1980)

1977-1980. urteetako Bilboko garaiko kontestuan kokatu behar gara Pott Banda literarioaren bilakaera ulertzeko. Industria, euria, herdoila, euskara, euskal kulturaren garapena… Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde (Jimu), Joseba Sarrionandia, Jon Juaristi, Ruper Ordorika (taldean musikari bakarra) eta Manu Ertzillak osatu zuten Pott banda, eta urteak aurrera doazela, heltzear dagoen 2017. urteko talaiatik, euskal literaturan banda literario honek utzitako aztarnaz hausnartzeko intentzioarekin etorri zaigu Jon Kortazar. Lan honen lehenengo zatian Pott bandaren hasierako gora beherak aurkituko dituzue, taldearen sorrera eta bilakaera, argitaletxe bat eratzeko ideiarekin jaio eta prozesuan sortutako buruhausteak, argitaratu zituzten Pott aldizkariaren sei aleen edukien deskribapena, hurrengo idazle belaunaldiaren parte-hartze zuzenarekin, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Jose Fernandez de la Sota, Jon Martin, Idoia Jauregi eta Jon Kortazar berak bandako partaideei egindako elkarrizketa mamitsuen bitartez. Bigarren zatian aldiz, beste idazle,  kazetari, bertsolari eta kultur eragile batzuen omenaldi ezberdinak aurkituko dituzue, non bakoitzak bere ikuspuntu pertsonaletik Pott bandak utzitako orbanaz idatzitako testu ezberdinak eskeiniko dizkigute.

Parte hartzaileak


SORZAIN ARGITARAPENAK. Algortako Etorbidea 69 3 kanpo esk 48993 GETXO +34 661 035 374
sorzain@sorzain.eus